Leihatila digitala

Egoitza Elektronikoa

Informazio orokorra

Legazpiko Udaleko faktura elektronikoaren laguntza

  1. Zer da faktura elektronikoa?
  2. Legezko balioa al du?
  3. Zertan datza fakturazio elektronikoa?
  4. Zer behar da faktura aurkezteko?
  5. Alta emanda egon behar al da erregistroren batean, faktura elektronikoak aurkezteko?
  6. Nor dago behartuta herri administrazioei faktura elektronikoa bidaltzera?
  7. Legazpiko Udalari faktura elektronikoak bidaltzetik salbuetsita daudenak
  8. Zer da Legazpiko Udalaren faktura elektronikoen sarrera puntu orokorra?
  9. Legazpiko Udalak faktura elektronikoak jaso ahal ditu estatuko sarrera puntu orokorretik?
  10. Zer entitate publikori ematen die zerbitzua Legazpiko Udaleko faktura elektronikoen sarrera puntu orokorrak?
  11. Nola dabil Legazpiko Udaleko faktura elektronikoen sarrera puntu orokorra?
  12. Zer urrats egin behar da faktura bat egin eta faktura elektronikoen sarrera puntu orokorrera bidaltzeko?
  13. Zer formatu elektroniko onartzen du, fakturak jasotzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiko faktura elektronikoen sarrera puntu orokorrak?
  14. Nolakoa da "Facturae" fitxategia?
  15. Nola sor dezaket "Facturae" fitxategia?
  16. Badut "Facturae" formatuko xml fitxategia. Faktura elektroniko baliagarria al da?
  17. Zer ziurtagiri digital erabil dezaket Legazpiko Udalari zuzenduko dizkiodan nire faktura elektronikoak sinatzeko?
  18. Nola jakingo dut faktura elektronikoak baldintza guztiak betetzen ote dituen?
  19. Nola bidal dezaket faktura elektronikoa Legazpiko Udaleko faktura elektronikoen sarrera puntu orokorrera?
  20. Faktura elektroniko bat posta elektronikoz bidali al dezaket?
  21. Nola jakin dezaket bidalitako faktura elektronikoa jaso ote den?
  22. Nire faktura errefusatua izan da, Facturae formaturik ez duelako. Zer egingo dut?
  23. Nire faktura errefusatua izan da, nik erabiltzen dudan ziurtagiri elektronikoa ez dutelako onartzen. Zer egingo dut?
  24. Fakturarekin batera, egindako lana justifikatuko duten beste dokumentu batzuk aurkeztu behar baditut, nola egin behar dut?
  25. Nola argitu ditzaket faktura elektronikoen sarrera puntu orokorrera faktura elektronikoak bidaltzearen inguruan sortzen zaizkidan zalantzak?



  1. Zer da faktura elektronikoa?

    Faktura elektronikoa bitarteko informatiko bidez sortutako formatu elektronikoko merkataritza-dokumentua da, paperezko dokumentu fisikoa ordezten duena, baina horren legezko balio bera duena. Faktura elektronikoak paperezko fakturaren datu berberak ditu eta elektronikoki sinatuta dago, ziurtagiri digital balioztatu bat erabilita.


  2. Legezko balioa al du?

    Paperezko fakturaren legezko balio bera du.


  3. Zertan datza fakturazio elektronikoa?

    Faktura igorlearen eta hartzailearen artean bitarteko elektroniko bidez (fitxategi informatikoak) eta bitarteko telematiko bidez (ordenagailu batetik bestera) transmititzean datza fakturazio elektronikoa. Ziurtagiri onartuekin modu digitalean sinatuta egon beharko du.


  4. Zer behar da faktura aurkezteko?

    Legazpiko Udalak onartzen duen ziurtagiri elektroniko onartua eta ezeztatu gabea duen edozein pertsonak aurkez dezake sisteman faktura. Ez da sisteman alta eman behar fakturak aurkezteko.

  5. Alta emanda egon behar al da erregistroren batean, faktura elektronikoak aurkezteko?

    Ez da beharrezkoa erregistratuta egotea.


  6. Nor dago behartuta herri administrazioei faktura elektronikoa bidaltzera?

    Aurreko galderaren erantzunean adierazi denez, nahiz eta edozein pertsonak borondatez faktura elektronikoak aurkeztu ditzakeen, 2015eko urtarrilaren 15etik aurrera pertsona juridikoak faktura elektronikoa igortzera behartuta egongo dira. Dena den, 5.000 euro bitarteko zenbateko osoa duten fakturak salbuetsita daude betebehar honetatik.

    Honako pertsona juridiko mota hauek egongo dira behartuta:

    1. Sozietate anonimoak.
    2. Erantzukizun mugatuko sozietateak.
    3. Espainiar nazionalitatea ez duten pertsona juridikoak eta nortasun juridiko gabeko entitateak.
    4. Zerga araudiak ezarritakoaren arabera, Espainiako lurraldean egoiliar ez diren entitateen sukurtsalak eta establezimendu iraunkorrak.
    5. Aldi baterako enpresa elkarteak.
    6. Interes ekonomikoko taldeak, interes ekonomikoko talde europarrak, pentsio funtsak, arrisku-kapitaleko funtsak, inbertsio funtsak, aktiboak erabiltzeko funtsak, hipoteka-merkatua erregularizatzeko funtsak, hipotekak titulizatzeko funtsak edo inbertsioak bermatzeko funtsak.

  7. Legazpiko Udalari faktura elektronikoak bidaltzetik salbuetsita daudenak
    • 5.000 euro bitarteko fakturak paperean bidali ahal izango dira. Arau honen salbuespenak ondorengo bi apartatuetan jasota daude.
    • Fakturaren bat formatu elektronikoan aurkeztera behartuta egon diren hornitzaileak, aurrerantzean, behartuta egongo dira ondasun emate eta zerbitzu prestazio guztietan faktura elektronikoa erabiltzera.
    • Kontratazio prozeduren esleipendunak behartuta egongo dira faktura elektronikoa egitera eta igortzera, baldin eta esleipen zenbatekoa 5.000 eurotik gorakoa bada, alde batera utzita kasu bakoitzean fakturatzen den zenbatekoa.

    Adibidez: foru agindua indarrean jarri baino lehen 5.000 eurotik gorako esleipenak dituen pertsona juridiko bat ez da faktura elektronikoa bidaltzera behartuta egongo, faktura 5.000 eurora bitartekoa bada. Ordea, foru agindua indarrean jarri ondoren hainbat esleipenak dituen pertsona juridiko bat bere faktura guztiak formatu elektronikoan bidaltzera behartuta egongo da, gutxienez esleipen horietako bat 5.000 eurotik gorakoa bada.

    Legazpiko Udalak ahalik eta gehien erraztuko du sistema berrirako aldaketa, jabetzen baita hornitzaileek sistema berrira egokitzeko ahalegin handia egin behar dutela.


  8. Zer da Legazpiko Udalaren faktura elektronikoen sarrera puntu orokorra?

    Beren hornitzaileekiko harremanak errazteko, herri administrazio guztiek faktura elektronikoen sarrera puntu orokor bat izan behar dute. Sarrera puntu hori erabiliz, hornitzaileek beren fakturak igorri eta kontsultatu ahal dituzte; hau da, hornitzaileek fakturak bidaltzeko eta horien tramitazioari buruzko informazioa jasotzeko bidea da.
    Legazpiko Udalak bere sarrera puntu orokorra eskaintzen die hornitzaileei.


  9. Legazpiko Udalak faktura elektronikoak jaso ahal ditu estatuko sarrera puntu orokorretik?

    Ez, Legazpiko Udala ez zaio atxiki estatuko faktura elektronikoen sarrera puntu orokorrari. Indarrean dagoen araudiari jarraituz, Legazpiko Udalak bere faktura elektronikoen sarrera puntu orokorra du eta bere hornitzaileek hori erabili beharko dute beren faktura elektronikoak igortzeko.


  10. Zer entitate publikori ematen die zerbitzua Legazpiko Udaleko faktura elektronikoen sarrera puntu orokorrak?

    Udalaren sarrera puntu orokorrak Udalari berari eta bere erakunde autonomoei ematen die zerbitzua:

    • Udal Kirol Patronatua
    • Udal Euskaltegia

  11. Nola dabil Legazpiko Udaleko faktura elektronikoen sarrera puntu orokorra?

    Legazpiko Udaleko sarrera puntu orokorrak berari atxikitako entitate guztietatik jasoko ditu faktura elektronikoak, Legazpiko Udaleko Sarrera eta Irteera Erregistroan erregistratuko ditu eta entitate horien fakturen kontabilitate erregistroetara birbidaliko ditu.
    Legazpiko Udaleko sarrera puntu orokorrak hornitzaileei komunikazio bat bidaliko die, faktura elektronikoa jaso dela egiaztatzeko, eta, beste datu batzuekin batera, azalduko die sarrerako data eta erregistro-zenbakia edo, faktura ezin izan bada erregistratu, erregistratu ezin izanaren arrazoia.


  12. Zer urrats egin behar da faktura bat egin eta faktura elektronikoen sarrera puntu orokorrera bidaltzeko?
    1. Faktura elektronikoa "Facturae" formatuan egin.
    2. Faktura sinatu, ziurtagiri elektroniko bat erabilita.
    3. Faktura sarrera puntu orokorrera bidali, aurrerago zehazten diren bi bideetako bat erabilita.

  13. Zer formatu elektroniko onartzen du, fakturak jasotzeko, Legazpiko Udaleko faktura elektronikoen sarrera puntu orokorrak?

    "Facturae 3.2 bertsioa" deritzona, hala jasotzen baitu 2014ko abenduaren 1eko 632/2014 Foru Aginduak, Gipuzkoako lurralde historikoko Foru Administrazioaren eremuan faktura elektronikoen sarrera puntu orokorrari eta fakturen kontabilitate erregistroari buruzko alderdi batzuk arautzen dituenak.


  14. Nolakoa da "Facturae" fitxategia?

    Testu fitxategi bat da, xml edo xsig luzapena duena. Etiketak eta hierarkiak dituen egitura normalizatua du, eta horiek hemen deskribatuta daude: http://www.facturae.es/es-ES/Documentacion/EsquemaFormato/Paginas/Index.aspx (es)


  15. Nola sor dezaket "Facturae" fitxategia?

    Enpresek erabili ohi dituzten kontabilitate eta fakturazio aplikazio informatikoek modu gehigarriak izaten dituzte, faktura elektronikoak "Facturae" xml formatuan sortzeko.
    Fakturak kudeatzeko softwarerik izan ezean, Interneten badira "Facturae" fitxategiak erraz sortzeko eta kudeatzeko aukera emango duten doako aplikazioak, modu librean eta dohainik deskarga daitezkeenak. Adibidez, honako hauek daude eskura:

    • ef4ktur programa, Euskal Foru Aldundien ekimenez sortu zena, Aldundiei fakturak igorri behar dizkietenek fakturazio elektronikoko soluzio sinplea eta erabilerraza izan dezaten. Dohainik deskarga daiteke, programa hau banatzeko eta eusteko gaitutako web gune honetatik: https://www.ef4ktur.com/index.php?lang=eu
    • http://www.hazteunafacturae.com (es), Zerga Agentziak onartutako zerbitzua.

    Azkenik, banku erakunde askok bezeroari "Facturae" fitxategia sortzeko eta bidaltzeko zerbitzua ere eskaintzen diote, baina ez dute dohainik egiten.


  16. Badut "Facturae" formatuko xml fitxategia. Faktura elektroniko baliagarria al da?

    Fitxategia baliagarria izateko, ziurtagiri digital balioztatu batean oinarritzen den sinadura elektroniko aurreratu batekin sinatuta egon behar du. Horrenbestez, faktura elektronikoa sortzeko prozesuak bi urrats ditu beti:

    1. "Facturae" bat sortzea.
    2. Modu digitalean sinatzea.

  17. Zer ziurtagiri digital erabil dezaket Legazpiko Udalari zuzenduko dizkiodan nire faktura elektronikoak sinatzeko?

    Honako ziurtagiri hauetako edozein erabil daiteke:

    • Izenpe: herritarrarena, entitatearena, entitatearena softwarean, korporatibo pribatu balioztatua, nortasun juridikorik gabeko entitatearena, euskal administrazio publikoen langileena, Eusko Jaurlaritzako langileena, korporatibo publiko onartua.
    • Camerfirma: pertsona fisikoa hardwarean, pertsona juridikoa hardwarean.
    • Nortasun agiri elektronikoa.
    • FNMT: Txanpon eta Zigiluen Fabrika Nazionalaren ziurtagiria.

  18. Nola jakingo dut faktura elektronikoak baldintza guztiak betetzen ote dituen?

    Honako helbide elektroniko honetan egiaztatu ahal izango duzu ea faktura elektronikoak baldintza guztiak betetzen ote dituen:
    http://sedeaplicaciones2.minetur.gob.es/FacturaE/ (es)


  19. Nola bidal dezaket faktura elektronikoa Legazpiko Udaleko faktura elektronikoen sarrera puntu orokorrera?

    Kontabilitate Zerbitzura fakturak bidaltzeko, Legazpiko Udalaren faktura elektronikoen harrerarako sortua den Hornitzaileare Ataria erabiliz egin daiteke. Webgune hau ondorengo URL-an dago eskura:
    http://sarbideelektronikoa.legazpi.eus


  20. Faktura elektroniko bat posta elektronikoz bidali al dezaket?

    Ezin da bidali faktura elektronikorik posta elektronikoz. Indarrean dagoen araudiak ez du aukera ematen bide hori erabiltzeko.


  21. Nola jakin dezaket bidalitako faktura elektronikoa jaso ote den?

    Faktura elektronikoa ondo jaso eta erregistratu bada, sarrera puntu orokorrak komunikazio bat bidaliko du, hari emandako sarrera eta irteera erregistro zenbakia adierazita. Faktura ez bada jaso, errefusaren arrazoia adieraziko da.


  22. Nire faktura errefusatua izan da, Facturae formaturik ez duelako. Zer egingo dut?

    Egiaztatu behar duzu zure faktura xml edo xsig luzapena duen fitxategi batean sartuta dagoela eta Facturae formatuaren bertsioa zuzena dela (3.2 bertsioa). Horrela ez bada, zure hornitzaile informatikoarengana jo behar duzu, zure faktura ondo egiteko nola egin behar duzun argitu dezan.
    Ef4ktur programa erabili baduzu, programa horretan erabiltzaileei arreta emateko adierazten diren bideak erabili behar dituzu.


  23. Nire faktura errefusatua izan da, nik erabiltzen dudan ziurtagiri elektronikoa ez dutelako onartzen. Zer egingo dut?

    Lehenik eta behin, begiratu behar duzu zu erabiltzen ari zaren ziurtagiria ziurtagiri elektroniko balioztatuta ote den. Hala bada, Legazpiko Udaleko Kontuhartzailetza Sailarekin jar zaitezke harremanetan arazoa ahalik eta azkarren konpontzeko.


  24. Fakturarekin batera, egindako lana justifikatuko duten beste dokumentu batzuk aurkeztu behar baditut, nola egin behar dut?

    Sarrera puntu orokorrean faktura elektronikoarekin batera beste dokumentu egiaztagarri batzuk erantsi ahal dira.


  25. Nola argitu ditzaket faktura elektronikoen sarrera puntu orokorrera faktura elektronikoak bidaltzearen inguruan sortzen zaizkidan zalantzak?

    Faktura elektronikoen sarrera puntu orokorraren izapidetzearekin zerikusia duten kontsultentzat.
    Edozein kontsulta egiteko, bidal ezazu mezu bat zure datuekin batera (izena, telefonoa eta helbide elektronikoa) fakturak@legazpi.eus helbidera, zure zalantza 'Faktura elektronikoa jasotzea' gaiarekin zerikusia duela adierazita.
    Oharra: helbide hau ez da erabili behar faktura elektronikoak bidaltzeko.
    Arazo administratiboei edo tramitazio zalantzei buruzko bestelako kontsultak egiteko, 902 100 040 Ogasun eta Finantzetako departamentuko arreta telefonora deitu dezakezu.